berria.info

Igandea, 2012ko apirilak 22a.

Euskal selekzioak nazioartean lehiatu ahal izango dira.

Kirolaren Euskal Legea bermatu du Auzitegi Konstituzionalak, PPren gobernuak 1998an jarri zuen helegitea ezetsita.

 

Erredakzioa.

 

Euskadiko kirol federazioei nazioartean ordezkaritza izatea onartu die Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Ontzat jo du Kirolaren Euskal Legea, Juan Jose Ibarretxeren gobernuak bultzatu eta Eusko Legebiltzarrak 1998an onartutakoa, eta ezetsi egin du Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidenteak jarritako helegitea.


Auzitegi Konstituzionalak baldintza argi bat jarri dio, hala ere, euskal selekzioak nazioartean lehiatzeari: Ezingo dute jokatu ez Espainiaren aurka, ezta Espainiak parte hartzen duen ezein lehiaketatan ere.


Auzitegi Konstituzionalak zeukan auzirik zaharrena zen Kirolaren Euskal Legeari Espainiako Gobernuak duela 14 urte jarritako helegitea. Orain, nabarmendu du Gernikako Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen diola eskuduntza osoa kirol alorrean. Hala ere, Auzitegi Konstituzionalak erantsi du autonomia erkidegoen eskuduntzek ezin dituztela urratu estatuarenak, eta nazioarteko ordezkaritza Espainiako kirol federazioei dagokiela.


Horregatik, Espainiak federaziorik ez duen kiroletan lehiatu ahal izango dira euskal selekzioak nazioartean —herri kiroletan, nagusiki—; baita Espainiak, kirol selekzioa izanagatik, parte hartzen ez duen lehiaketetan ere. El Pais egunkariaren agerkari digitalak aurreratu du Auzitegi Konstituzionalaren erabaki hori, eta ebazpena datorren astean emango dutela iragarri.


Orain, Auzitegi Konstituzionalak duen auzirik zaharrena Kataluniako Kirol Legeari buruzkoa da, 1999. urtekoa.